XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte dezente igaro diren arren, kritika horiek ez dute indarrik galdu.

Kazetari-gaiak ongi asko egituratu behar du bere lana, gertaeraren gakoak atariko lerrokadan kokatuz eta kontakizunaren garrantzia iraulitako piramidea deritzon eskema famatuaren arabera ordenatuz.

Horrela eginez gero, kontakizun arina eta ulergarria lortuko du.

3. Hizkuntza(k).

Euskaldun egiten gaituena gure hizkuntza da, euskara, hain zuzen ere.

Euskal Herria euskararen herria da, eta euskalduna euskara du(e)na.

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra da (basque edovasco/a, erdaraz).

Euskal kazetariak bere herriari egin diezaiokeen mesederik handinetakoa, bere jatorrizko hizkuntza ederki menperatzea da.

Ez halamoduz, ezta erdipurdika ere.

Euskaraz aritu nahi duen kazetariak oso ongi menperatu behar du gure hizkuntza.

Zeregin horretan kazetariari arau batzuk betetzea ezinbestekoa gertatuko zaio.

Gure artean Euskaltzaindia dugu xede horrekin lan egiten duen erakundea.

Esparru horretan bera da dugun erakunde ofiziala eta bakarra.

Beraz, berak emandako agindu eta aholkuei jarraitzea besterik ez dugu egin behar.

Eta aitzakiek ez dute balio (beti daude irizpideak aldatzen!, entzuten da maiz).

Nagitasunak ezin dio ezjakintasunari biderik eman, ordea.

Kosta egiten dela? hori ezin zaio inori uka, baina maila horretan gaur egun inoiz baino hobeto gaude (ikerkuntza alorrean behintzat).

Pentsa ezazue zenbat kostatuko zitzaion aita Larramendiri 1729an euskararen lehendabizko gramatika-liburua egitea.

Jarri zion izen bera ere El imposible vencido argigarria izan zen.

Gauza jakina da, euskarak ondoko hizkuntzekin ez duela inolako kidetasunik.

Horregatik agian, inguruko zenbait sasihizkuntzalarik euskara hizkuntza basatia, ikastezina eta idaztezina zela pentsatu zuten urte askotan.

Bernat Etxeparek berak ere honela idatzi zuen (eta ez apetaz, jakina), 1545an plazaratu zuten gure lehenengo liburuan (Linguae vasconum primitiae): bertze jendek uste zuten / ezin skriba zaiteien / orain dute phorogatu engainatu zirela.

Euskaltzaindiak Arantzazuko bilera famatua 1968an egin zuen.

Ordutik hona, erakunde horrek lan mardula egin du euskara batua arautzeko bidean.

Bertan hasi ziren euskara idatziari buruzko arauak eztabaidatu eta erabakiak hartzen.

Lan hori eztabaidagarria izan edo ez, kontua da, gogoan hartu behar dugula, derrigorrez gainera.

Eta zeregin horretan, zuek, euskal kazetari-gaiok, erantzukizun handia duzue.

Epigrafe honek hizkuntza(k) du izena.

Burutazio sinplea baino zerbait gehiago da.

Euskal Herrian bizi den kazetari batek ez du aski euskara ederki menperatzearekin. Ez horixe.

Gaur egun, gero eta garbiago dago eleanitzak izan behar dugula eta, euskaraz gainera, beste bigarren hizkuntza bat (gaztelera edo frantsesa) ere oso ongi menperatu behar dugula, Hegoaldean edo Iparraldean aritu ahal izateko.

Are gehiago, nazioartean lan egin behar badugu, ingelesa jakitea ia-ia ezinbestekoa da gaur egun.

Etxetik kanpo irten gabe ere, behar-beharrezkoa zaigu hizkuntza hori.

Adibidez, Internet sarean nabigatzeko edo guk nahi dugun edozein dokumentazio lortzeko, ingelesa jakin behar dugu.